SGAE Fundazioak Euskadin pandemiaren urteari datuak jarri dizkio

- 'Arte Eszenikoen, Musikaren eta Ikus-entzunezkoen SGAE Urtekaria'ren arabera eskaintza %20 jaitsi da 2020an, eta ikuslegoa zein errekaudazioa %70 inguru

-Aitzitik, ikus-entzunezko edukietan, telebista eta irratian emandako kontsumoak goranzko joerari eusten dio

Arte Eszeniko, Musika eta Ikus-entzunezkoen 2021eko SGAE Urtekariak kulturaren sektorea ezaugarritzeko oinarrizko datu estatistikoak eskaintzen ditu. Ikerketa sendotua da, hogeita batgarren edizioan, eta kultura-sektoreko hainbat esparru ezagutzeko oinarrizko baliabideetako bat da. Hamarnaka mila zenbaki-datu lortu eta aztertzen ditu, 293 grafikotan eta estatistika-taulatan laburbilduta, batzuk geuk eginak.

Euskadin pandemiaren urteari buruzko datuek ez dute alde handirik Estatuko joeretatik. Arte eszenikoek (antzerkia, dantza eta opera eta zarzuela) %47,9ko jaitsiera izan dute aurreko urtearen aldean emanaldietan, %77koa bertaratzean eta %71,9koa diru-bilketan edo errekaudazioan. Euskal Autonomia Erkidegoan arte eszenikoen jardueraren %92,5 biltzen duen antzerkiak %47,2ko beherakada izan du eskaintzan, %76,2koa asistentzian eta %69,4koa diru-bilketan. Dantzak ere beherakada bortitza izan du adierazle guztietan 2020an: antzezpenen %46,3 gutxiago izan dira, bertaratutakoen %75,7 eta bildutakoen % 68,8 gutxiago.

Musikaren arloan, zifrak ez dira hobeak. Adibidez, musika klasikoak %53 egin du behera kontzertu-kopuruan, %79,3 ikusle-kopuruan eta %72,3 diru-bilketan. Herri-musikaren atalean, kontzertuak %42,8 jaitsi dira, eta makroudako datuak kontuan hartuta, erkidego honetan, 2020arekin alderatuta, asistentziaren %80,5 eta errekaudazioaren %76,3 galdu da. Zinemak ere antzeko joera du: saioetan %52,1 jaitsi da, ikusleetan %68,4 eta diru-bilketan %68,2; kasu honetan, Estatuko gainerako lekuetan baino zertxobait nabarmenagoak dira beherakada hauek.

Gora egin du streaming, telebista eta irrati bidezko kontsumoak

Bideoaren merkatua, duela urte batzuetatik hona, kontsumo-ohituren aldaketa batek zeharkatzen du. Horrela, gora egiten jarraitzen du bai ikus-entzunezko deskargaren bat egin dutela adierazi duten biztanleen ehunekoak ( %13, hau da, 4,6 puntuko igoera), bai streaming bidezko bideoren bat ikusi dutela adierazi dutenen ehunekoak ( %52,4), % 6,6ko igoerarekin. Ordainpeko ikus-entzunezko edukien plataformetako abonatuen kopuruak ere gora egin du. 2020an, abonatu gehien izan zituztenak Netflix ( %35,8) -aurreko urtean baino 8,4 puntu gehiago-, Movistar+ ( %17,7) eta Amazon Prime Video ( %16,7) izan ziren.

Telebistan, 16 minutu igo da EAEko kontsumoaren batez bestekoa aztergai dugun azken urtean, eta 2020an 221 minutura iritsi da pertsona bakoitzeko, Estatuko batez bestekoan baino 10 gutxiago. Irratian, aurreko urtean baino 10 minutu gehiago kontsumitu da; beraz, egunean 102 minutu pertsona bakoitzeko, Espainiako batez bestekoa baino zortzi gehiago.

Tresna aski finkatua

Argitalpen hau, 1999an sortua, funtsezko tresna bihurtu da Estatuko kultura-merkatuko adituentzat.

Urtekariak lekua du Interneten, bai SGAE Fundazioaren orrian, bai SGAEren orrian, non bere eduki guztiak edozeinen esku ageri diren: www.fundacionsgae.orgwww.sgae.es