Bilbo agertoki bilakatuko dute Arte Eszenikoen XXIV Max Sariek

SGAE Euskadi Lurralde kontseiluko presidentea den Oskar Castaño 'Garbitxu' antzerkigilea gaur, Arriagako prentsaurrekoan. Argazkia: Bilbao Udala.

Sariak Arriaga Antzokian emango dira, urriaren 4an, 20:00etan

Calixto Bieito buru, bertoko zuzendari artistikoak hainbat artisten jarduna gidatuko du, tartean, Asier Etxeandía eta Enrico Bárbaro, Jon Maia bertsolaria eta Adriana Bilbao dantzaria

TVE 2k zuzenean emango du sari-emaria arratsaldeko 20:00etatik aurrera

Max Sarien XXIV. edizioa datorren urriaren 4an ospatuko da Bilboko Arriaga Antzokian. SGAE Fundazioak antolatuta, Bilboko Udalaren, Arriaga Antzokiaren eta Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntza dute, kasu honetan Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionalaren (INAEM) bidez. TVEko 2. kanalak eskainiko du ekitaldia, zuzenean, 20:00etan, eta RTVE Play dekoan.

2001ean espazio berean eta 2007an Euskalduna Jauregian ospatu ondoren, Maxak Bilbora itzuli dira, historian hirugarren aldiz, eta Calixto Bieitok hartuko du berriz ere zeremoniaren pisua (2006an Bartzelonako edizioan egin zuen bezala), berau Estatuko arte eszenikoen sektorean arreta jartzeko ezinbesteko hitzordua bilakatuz. Hogeita laugarren edizio honetako berrikuntza guztiak gaur aurkeztu dira Arriaga Antzokian egindako prentsaurrekoan. Bertan izan dira hizlari Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Oskar Castaño 'Garbitxu' Jauna, Euskadiko SGAE Kontseiluko presidentea, Rubén Gutiérrez Jauna, SGAE Fundazioko zuzendari orokorra eta Calixto Bieito Jauna, Arriaga Antzokiko eta XXIV. Max Sarietako zuzendari artistikoa.

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak eskertu egin du SGAE Fundazioaren aukera eta Bilboren aldeko apostua. “Eskerrik asko Bilbo eta Arriaga Antzokiaren alde egiteagatik” esan du Aburtok, “geurea den zerbait bezala bizitzen ari gara eta lan talde ezberdinak jo ta ke ari direla lanean jakin badakit, alegia, ekitaldia arrakastasua izan dadin”. Bide batez, Calixto Bieito eta Arriaga Antzokia osatzen duen lan taldeari zuzendu da: “Antzokia, egin zenezaketen aukerarik onena da, izan ere, Estatu mailako zein nazioarteko gunerik garrantzitsuenetariko bat dugu; historiaz, arimaz eta Bilboko izaera propioaz bustia, gainera”.

Bere hitzetan, alkateak Udalak kulturaren alde egiten duen saiakera etengabea azpimarratu du ere: “ekitaldi hau sektore kulturalarentzat sekulako abagunea da, eta gure aitorpena da. Aski ezaguna da arte eszenikoen aldeko gure apostua. Bilboko hiriaren estrategia da, hiriburua arte eszenikoen, sormenaren eta sustapen kulturalaren ardatza bilakatu, alegia”. “Bilbao Kultura 365 leloari jarraituz” gaineratu du “kultura nahi dugu urteko egun guzti-guztietan”.

Bere aldetik, Rubén Gutiérrezek hitzegin du gaur goizeko agerraldian, hots, SGAE Fundazioko zuzendari orokorrak. "Kulturarentzat hain zailak izaten ari diren urteotan, gure sortzaileen talentuaren alde egiten duten udalak egotea lasaigarria da guretzat. Bilboko Udalaren lankidetza azpimarratu nahi dut, hori gabe sari hauek ezin izango baitziren ospatu, eta hirugarrenez hartuko gaitu gainera. Aurten, Calixto Bieitoren talentuaz fidatu gara. Zeremoniako zuzendari lanetan eskarmentuko sortzailea dugu eta Euskal Herriak daukan kalitate artistiko handia agerian uzten duen proposamen gaindiezin bat dakarkigu. Gizarte zibilari eskerrak emateko ikuskizuna izango da, izan ere, gizarterik gabe arte eszenikoek ez dute etorkizunik; baita ere, gure egileek azken bi urteotan hasitako bide berriei, aurrean jartzen zaien erronka berri bakoitza gainditzeko gai direnei, eta gogoratuko dugu, nola ez, antzerkia eta dantza bizirik dirauten ezinbesteko elementuak izango direla beti ", nabarmendu du Gutiérrezek.

Esker on horiekin batera, Oskar Castaño 'Garbitxu'k "Udalaren babesa eta kulturaren aldeko apustua" azpimarratu ditu, " kulturan sinesten duen adierazgarritzat" baloratuz. “Laguntza hori ardatz estrategikoa da herritarrentzat, eta antzerkia, dantza eta kultura gu guztiontzako bizimodu bilakatzea errazten du. Lan honen guztiaren ondorioz Bilbo Antzerki eta Dantzaren Hiriburu bilakatuko da urriaren 4an, alegia, MAX Sarien banaketarekin, hirugarrenez, eta azkena ez izatea espero dugu” aitortu du Garbitxuk. “Eskerrak eman nahi dizkizuegu harrera egiteagatik, eta sari hauek beste behin ere hiri osoa distiraraztea eta argiztatzea espero dugu benetan”, gaineratu du antzerkigileak.

Baita ere, Calixto Bieitok Max Sarien 24. edizioaren gakoak aurreratu ditu: "Ez dugu ezkutatu nahi sari-ekitaldi bat dela. Antzeztu egin nahi dugu, 50eko hamarkadako estetikarekin eta orkestra handi batekin, zuzeneko musikarekin ", azpimarratu du Bieitok. Lucía Astigarraga eta Álex Gerediaga izan ditu lagun zuzendaritza lanetan, baita Alberto Rodríguezena ere, argiztapen kontuetan.

Calixtoren hitzekin jarraituz “bizitza inspirazioa da. Antzerkia buruaskia den espazio bat bezala ulertzen dugu, esanahiak eraikitzen dituen gunea, non sormen bakoitza askatasun kreatiboari kantu bat baino ez den, alegia, hitz larrikin Antzerkiak eskaintzen digun askatasuna, Dantza bera, Musika… Arte Eszenikoak. Eta MAX Sariak horren guztiaren bilgune izanik, Bilbo utopiaren sarbidea bilakatzen da. Izan gaitezen artearen herritarrak”.

Gizarte zibilaren ordezkaritzan hainbat egile arituko dira, halaber. Tartean, profesionalki arte eszenikoetara zuzen-zuneko erlazioa jorratu duten pertsonak: Jokin Oregi zuzendari eta antzerkigilea, Ane Pikaza, Olatz Ganboa eta Itziar Lazkano aktoreak, Arantza Heredia argiztatzailea, Raúl Cancelo (Hortzmuga Teatroa antzerki taldeko sortzailetariko bat), Igor Yebra dantzari eta dantzagilea, Izaskun Ardanaz eta Olaia Santiesteban, hots, areto eta txartelgietako arduradunak Arriaga Antzokian… eta abar luze bat.

Euskal talentua, XXIV. edizioko protagonista nagusia

Arriaga Antzokiko agertokia jaigune eszenikoa bilakatuko dute ekitaldiaren arduradun eta protagnistek. Geure talentu artistikoa ezagutzeko aukera paregabea izango da. Tartean Asier Etxeandia aktore polifazetikoa ageriko da, Enrico Bárbaro konpositoreakin eta Afrika Bibang jatorri ginearreko abeslariarekin. Honek euskaraz ere abestuko du. Lituaniako Ausrine Stundyte sopranoa oholtzaratuko da, bestalde, zuzeneko musikaz blai garatuko den ikuskizun integral baten testuinguruan, BilbaoSinfoniettaren eskutik (Iker Sánchez Silvaren zuzendaritzapean), Bilboko Koral Elkarteko Haur Abesbatzaren ezinbesteko parte-hartzearekin.

Yogurinha, Las Fellinik 1994an sortutako pertsonaia geldiezina, gaur egun Euskadiko askatasun sexualaren ikur bihurtu den bera bertan izango da. Baita ere Jon Maia bertsolaria, Miren Gaztañaga aktorea edo eta Bernardo Atxaga idazle eta antzerkigilea, gaur egun euskal hizkuntzan gehien irakurria izan den autorea, hain zuzen ere. Era berean, dantza emanaldiak Adriana Bilbao flamenko dantzariaren (Achiary Bernard eta Pedro Solerrekin batera) eta Lasala taldearen eskutik (Paula Parra) bideratuko dira.

XXIV. Max Sarien ekitaldiak Ernest & Young, Eulen Taldea eta Dantzerti Euskadiko Arte Dramatikoko Eskolaren laguntza ere izango du.

Osasun segurtasun neurriak

Eusko Jaurlaritzak onartu dituen osasun segurtasun neurriekin bat datorren protokola du indarrean Arriaga Antzokiak. Berez gunearen espazioa beteta egon daiteke baina hainbat neurrik indarrean jarraituko dute, hala nola, musukuaren derigorrezko erabilera ikusentzule guztientzat edo eta gel hidro-alkoholikoaren erabilera, sartu aurretik.