Agur antzerkigintzaren iraultzaile bati: Alfonso Sastre hil da
1946az geroztik SGAEko bazkidea genuenari bere Zuzendaritza Batzarrak, urriaren 4an Hondarribian Ohorezko Domina ematea adostuta zuen, eta, halaber, aitortza hori hil ondoren ere emango dio

Atzean uzten ditu ehunka artikulu, saiakera, antzezlan eta olerkiren ondarea, hainbat lanen artean, baita Euskal Herriarekin eta bertako jendetzarekin jorratutako harremana ere

1945etik aurrera Espainiako antzerki-eszenaren berritzaile izan zen, eta Arte Nuevo antzerki-talde enblematiko eta iragankorra sortu zuen

Antzerki Sari Nazionala (1985), Literatura Dramatikoko Sari Nazionala (1993) eta Ohorezko Max Saria (2003) genuen

Alfonso Sastre antzerkigilea (Madril, 1926) hil egin da ostiral honetan hainbat hamarkadetan zehar etxe izandako Hondarribian, 95 urte zituela. XX. mendeko espainiar antzerkiaren egilerik adierazgarrienetakotzat jotzen da, eta bere literatur ibilbide luze eta polifazetikoak poesia, saiakera, antzerki-kritika eta zinema ere biltzen ditu. Antzerkiko Sari Nazionala jaso zuen La taberna fantástica lanagatik (1985) eta Literatura Dramatikokoa, bestalde, Jenofa Juncal obragatik. 2003an gure Ohorezko Max Saria irabazi zuen antzerki-sorkuntzari egindako ekarpenagatik.

Albistea ur hotzeko pitxer bat bezala erori da Autore eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusian (SGAE), 1946tik bertako kide zelarik, erregistratutako ehunka letra eta antzezlanetako errepertorioa baitzuen gurean. Hain zuzen ere, SGAEko Zuzendaritza Batzarrak aho batez onartuta zuen, martxoaren 25ean izandako bileran, Alfonso Sastreri Ohorezko Domina ematea. Egunotan urriaren 4rako prestatzen ari zen ekitaldi batean murgilduta zen SGAE, Sastre bera eta haren familia jakinaren gainean zeudela, eta Antonio Onetti SGAEko presidentea bertan izango zela aurreikusita zegoen. Heriotzaren berri izan ostean, Onettik esan du hil ostean ere emango diotela Ohorezko Domina, eta deitoratu egin du "ameslari eta intelektual bikain baten galera, izan ere, haren argitasunak eta asmamenak gidatu baitituzte mende erdi baino gehiagoz antzerki-sorkuntzaren nondik norakoak". “Estatu mailako idazgintzaren aita joan zaigu eta, tamalez, ez dugu bizirik zela domina emateko astirik izan”, adierazi du Onettik, SGAEk "bere garaiko kulturari modu bakar eta ezabaezinean lagundu diotelako" egileen kopuru txiki bati ematen dion domina honi erreferentzia eginez.

Aitortzarako arrazoiak soberan zeuden. 50eko Belaunaldia deiturikoaren bizirik zen adierazlerik handiena genuen. Antzerkiko Sari Nazionala (La taberna fantástica, 1985) eta Literatura Dramatikokoa (Jenofa Juncal, 1993), 2003an gure Ohorezko Max Saria erdietsi zuen.

Aitortu gabe, bere apaltasunean Alfonso Sastrek Espainiako eszena irauli egin zuen 1945ean Arte Nuevo antzerki taldea sortu zuenean. Diktadura frankistaren aurkako aktibismo politikoa etengabea izan zen bere ibilbidean. 1956an, auzipetu ondoren, Parisen erbesteratu zen aldi baterako. Denboraren buruan itzuli eta behin betiko Euskadin kokatu zen, eta bertan jarraitu zuen bere konpromisoarekin. 1970eko hamarkadaren hasieratik nabarmena izan da hainbat kausa politiko eta sozialekiko agertutako atxikimendua, baita ezker abertzalearekiko hurbiltasuna ere. Euskal gizartearekin zuen loturak arrastoa utzi zuen.

Arte Nuevo taldearekin, sorkuntzaren detonatzailea

Ingeniari aeronautiko karrera hasi zuen, hamabost egunera bertan behera utziz. 1945ean, José Gordón, Medardo Fraile, Alfonso Paso, José María Palacio eta Carlos J. Costasekin Arte Nuevo antzerki taldea sortu zuen, Espainiako eszena erabat irauli egin zuen saiakera, alegia, indarrean iraun zuen bitartean bederen. 1946an Madrilgo Unibertsitate Zentralean matrikulatu zen Filosofia eta Letrak ikasteko, eta han Raíz aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen. José María del Quintorekin batera T.A.S. (Teatro de Agitación Social) delako agiria sinatu zuen. 1953an Murtziako Filosofia eta Letren Fakultateko azken ikasturtean matrikulatu zen. Teatro Popular Universitario konpainiarekin Escuadra hacia la muerte antzeztu zuen, baina hirugarren emanaldia debekatu egin zioten. Bertan, Eva Forest ezagutu zuen, bere emazte eta borrokakide izan zena 2007an hil zen arte.

Azken urteetako militantzia sortzaile, kultural eta politikotik aparte, bere errepertorioaren zabalkundea ez da inoiz amaitu, eta sarritan bere obrak antzerkiaz harago zihoazen programazioen xede izan dira. Horren adibide bat da 2021eko otsailean Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen Masterrean Zutoin beltza/La Columna infame irakurketa dramatizatua irudikatu izana, orduan eta praktikan, torturaren aurkako alegatu bat.