Alfonso Sastreren torturari buruz inoiz irakurri gabeko irakurketa dramatizatua egingo da EHUko Giza Eskubideen Masterraren baitan
SGAE Fundazioaren eta SGAEren Euskadiko Lurralde batzordearen babesa du eta ezinbesteko bi hitzordu ditu: otsailaren 13an Bilbon eta otsailaren 20an Hondarribian

Olatz Beobide gipuzkoar aktore eta sortzaileak zuzendutako irakurketa dugu, Hondarribian bizi den idazle, antzerkigile, gidoilari eta saiakeragile madrildarraren La columna infame (1986) antzezlanetik abiatzen dena. Alfonso Sastre aski ezaguna zaigun bazkidea dugu, izan ere, Antzerki Sari Nazionala eta era guztietako lanen egilea da.

Zutoin beltza / La columna infame pieza delikatua da, oso didaktikoa, Milanen girotua 1630eko izurritean, eta torturaren aurkako alegatutzat jo dezakegu. Euskaraz eta gaztelaniaz antzeztuko da. Larunbat honetan, otsailaren 13an hain zuzen, Bilboko Bizkaia Aretoan estreinatuko da, 11:00etan euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz, Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen Masterraren ekitaldien barruan, alegia. Otsailaren 20an irakurketa Hondarribiko Udal Antzokira eramango da, kasu honetan 17:00etan gaztelaniaz eta 19:00etan euskaraz.

Fito Rodriguez eta Izaskun Arandiaren ekoizpenari esker oholtzaratutako alegatua (IZAR Films), irakurketa dramatizatu gisa estreinekoz ikus-entzuteko aukerak ditugu otsaileko bi hauek. Bere garaian, Alfonso Sastrek "1630ean Milanen altxatutako zutabe ospetsua" hartu zuen erreferentzia gisa, "torturatu, lepoa moztu eta, aldi berean, euren tormentuaren ondorioz beste batzuen salatzaile izan ziren bi herritar gaixoren zitalkeria betikotzeko, izan ere, ustez izurrite sasoi batean hiriko horma haietan substantzia kirasdun bat lohitzeagatik akusatuak izan ziren. Hura torturatzaileen zitalkeriaren monumentu bat bilakatu zen, azken batean".

Gaur egun ere munduaren zati handi batean zeresana ematen duen gertakari bat salatzearen gainetik, egileak bere testuak garatzeko erabili duen "zuhurtzia, argitasuna eta umorea" obraren zuzendariarentzat ere apustu honetan murgiltzeko akuilu apartekoa izan dira.

Dorleta Urretabizkaia, Asier Hernández eta Klara Badiola Bizkaia Aretoaren eta Hondarribiko Antzokiaren taulen gainean izango ditugu, Manu Gaigne eta Ander Merinoren ekarpen audiobisualarekin.