Kultura eta sortzaileak babesteko kanpaina abiatu du SGAEk: "Arteak zuk bizitzen badituzu soilik existitzen direlako"
Animaziozko bideo batzuen bidez, erakundeak kultur sektorea babestera animatu du, Covid-19aren krisiak eragindako une kritiko honetan

Covid-19ak eragindako pandemiak ondorio ikaragarriko lurrikara eragin du fronte eta latitude guztietan. Eta kulturarena da, zalantzarik gabe, sektorerik kaltetuenetako bat. Gauzak horrela, agertokiak kili kolo edo pertsiana zuzenean jaitsita, sortzaileak dira emanaldiaren protagonista zoritxarrekoenak.

Horregatik, ordain eskuzabala eta egokia emateko, dagokien lekuan jartzeko eta beren talentua aldarrikatzeko, eta Arteek eta Kulturak gizarte osoari ematen dioten ondasunaz herritarrak kontzientziatzeko, SGAEk kanpaina instituzional bat jarri du abian, animaziozko bideo batzuen bidez, une kritiko hometan kultura babestearen, hedatzearen eta sustatzearen garrantzia agerian utzi nahi duena.  

Izan ere, pentsa al dezake inork zer gertatuko litzatekeen musika, zinema edo antzerkia gure bizitzatik desagertuko balira?

Zure bidaiarik onenean begiz jo zenuen abesti hura, gaur supermerkatu bat den zinema horretan lehen musu hura ematen lagundu zizuen filma, antzezlan hori, zeinaren protagonistarengan hain ongi islatuta ikusi baitzenuen zeure burua bolada txar batean zeundenean...

Arteak zuk bizitzen badituzu soilik existitzen direlako

Konpositoreek, antzerkigileek, gidoilariek eta koreografoek beren lanbidea garatzen jarraitu ahal izateko, bidezko onura lortu behar dute beren lanagatik, ahaleginagatik, trebetasunagatik. Horrela azaltzen da dibulgazio-bideo horietako lehenengoan, non azpimarratzen baita egile-eskubideak babestu behar direla, eta hori posible izan dadin, kudeaketa-erakundeek prozesu horretan betetzen duten eginkizun garrantzitsua, alegia egileei laguntza eta aholkularitza emanez, haien lanak dokumentatuz edo haien izenean beren sorkuntzen erabilera publikoagatik bitartekotza eginez.

Ildo horretan, hain zuzen ere, Arteak zuk bizitzen badituzu soilik existitzen direlako lelopean aurkezten den kanpainaren arabera, gauzak elkarrekin egitea beti hobeagoa dela plazaratzen da, nonbait, entitate kudeatzaileek egileei onura eta laguntza gehiago lortzen uzten baitiete, bai eta beren eskubideak modu eraginkorragoan administratzen ere, modu kolektiboan indibidualean baino.

Azkenik, kulturaren esparruan teknologia berriak sartu direla-eta, aro digitalak ezarritako erritmoan aurrera egin beharraren ezinbesteko iraultza aintzat hartzen da. Bide batez, aurrerapen horiekin batera datozen eragozpen batzuez ere ohartarazten da, tartean, pirateria edo egileek beren lanak ingurune digitaletan egoteagatik jasotzen duten ordainsari eskasa.

Horregatik guztiagatik, SGAEk kulturari eta bere protagonista nagusiei laguntzeko oihu bat egin nahi du, arteak existitu ezin izango baitira guztion artean babesten eta zaintzen ez baditugu.