SGAEk Pascal Gaigne bazkide eta Kontseilukidea zoriondu nahi du Alacanteko zinemaldian saritua izango baita
‘Música para la imagen’ saria emango diote 2020ko urriaren 17tik 24ra ospatuko den ekitaldian

Bazkidea, Euskadiko Lurralde Kontseiluaren kidea eta eskarmentuzko musikagilea, euskal zineman erreferentziazko profesionala bilakatu da Pascal Gaigne soinu banden konpositore donostiarra (Caen, Frantzia, 1958).

17. edizioan, Alacanteko Zinemaldiak eta azken zazpi urteetan egin bezala, sorkuntza zinematografikoetan musikak duen garrantzia aldarrikatzeko aitorpen berezia emango du aurten ere eta abagune honetan gure bazkideari egokituko zaio errekonozimendu hori.

Urriaren 17tik 24ra ospatuko dute eta itxiera galan jasoko du Gaignek aipatutako aitortza. Sari emaria Alacanteko Antzoki Nagusian egingo dute eta Frantzian jaio eta hezitako musikagileak aurreratutakoari helduz hil berri den Ennio Morricone maixu italiarrari eskainiko dio ‘Música para la Imagen’ saria.

Pauko Unibertsitatean eta Tolosako (Frantzia) Kontserbatorio Nazionalean ikasi zuen musika Pascal Gaignek eta hainbat diziplinatan lan egin du geroztik: zineman, antzerkian, musika klasikoan… Guztira, ehun soinu banda baino gehiago sortu ditu, euskal zinemaren musikagilerik emankorrenetako batean bilakatuz.

2012ko Verbo, 2015eko Loreak eta 2017ko El olivo filmengatik Estatuko Zinema Akademiak ematen duen aitorpen berezia eskuratzeko hautagai izan zen, eta 2018an, Handia filmerako sortutako soinu bandagatik Goya saria eskuratu zuen. 2019an La trinchera infinita filmaren musika sinatu zuen. Euskal zigilupeko pelikula honek 2 Gora irabazi eta 15 nominazio jaso zituen, tartean, Banda Sonoroarena.

Nazioarteko beste aintzatespen garrantzitsu asko lortu ditu, tartean, Buenos Aireseko zinema jaialdiko Urrezko Pentagrama El otro barrio (2000) filmerako sortutako musikarengatik, Europako Zinema Konpositore Elkarteen Federazioak emandako Europako Soinu Banda Onenaren saria Azul oscuro casi negro (2006) pelikularako egindako lanarengatik, edo eta Zilarrezko Biznaga Malagako zinema jaialdian: 20 centímetros (2005) eta Plan de fuga (2016) ekoizpenetarako idatzitako partiturengatik. Gainera, besteak beste, Víctor Erice, Daniel Sánchez Arévalo, Icíar Bollaín, Aitor Arregi, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Pablo Laso eta Montxo Armendariz zuzendarientzako lan egin du.