Gorka Hermosa garaile Castelfidardon
Gipuzkoako soinujoleak PIF Castelfidardo (Italia) orkestra eta akordeoi lanen konposizio lehiaketa irabazi du

Gure bazkide Gorka Hermosa Sánchez (Urretxu, Gipuzkoa, 1976) Gorka Hermosa & Blanchard Strings izeneko bere azken diska arrakastaz kaleratzetik zetorren. Halaber, COVID-19ak ez dio berritzeko gaitasunik kendu, are gehiago, ezusteko gertaera on bat ekarri dio pandemiaren erdian: akordeoiaren Oscarren nazioarteko aitorpena.

Joan den astean Castelfidardoko Premio Internazionale Fisarmonica delakoa irabazi zuen. Akordeoi eta orkestrarako lanen konposizio lehiaketan gailendu zen urretxuarra, hain zuzen ere. Italiako herria akordeoiaren ekoizpenaren erdigunea da munduan, duela 150 urtetik egiten diren tresnen % 90 ekoizten baititu.

Lehiaketa 1975etik urtero egiten da eta 19 herrialdetako konpositoreak parte hartzen zuten. Dwarves Tales lana Berlingo Orkestra Filarmonikoan estreinatu behar zuten maiatzaren 16an, baina kontzertu hau bertan behera geratu zen eta Hermosak lehiaketara aurkezteko berreskuratu zuen. "Ezusteko atsegina", egilearen arabera.

Dwarves Tales erritmo mediterraneoen eta eskandinaviarren fusio bat da. Turkiar folklorearen melodia baten nota batzuk erabiltzen ditu, erritmoak, harmoniak eta testura flamenkoak, Edvard Griegen Potokien martxaren (Dwarves March) oroitzapenekin nahastuta, ukitu espresionistekin eta tradizio posterromantiko alemaniarraren testurekin batera. Denera, Castelfidardoren epaimahaiak oharkabean pasatu ez zuen sormen bilduma.

Akordeoia ezagutarazteko eta bere sormen aukera guztiak ustiatzeko helburuaz, Hermosak 7 disko argitaratu ditu eta dozena bat disko-proiektutan kolaboratu du. Besteak beste, Francisco Lara, Zuriñe Fernández Gerenabarrena, Francisco Novel Sámano, Ángela Gallego, Antonio Noguera, Aitor Furundarena, Iñigo Peña eta David Aladro konpositoreen hainbat lan estreinatu ditu ere, guztira 15, Europa osoko talde eta orkestrakin. Bide batez, irakaskuntza lanetan ere eskarmentuzko bazkidea dugu.