SGAE Fundazioak Film luzerako Gidoien XVII. 'Julio Alejandro' SGAE Saria 2020 deitu du
Parte-hartzaileek 2020ko uztailaren 3ra arte bidali ahal izango dituzte beren lanak

SGAE Fundazioak Film luzerako Gidoien XVII. Julio Alejandro SGAE Saria 2020ri dagokion deialdia egin du. Lehiaketa SGAEko edozein nazionalitatetako bazkideentzat zabalik dago. Jatorrizko testuak aurkezteko epea uztailaren 3an amaituko da eta Estatuko edozein hizkuntza ofizialetan idatzita egon daitezke. Oinarriak SGAE Fundazioaren webgunean daude eskuragarri.

Fundazioak izendatutako epaimahai batek, zinemagilez eta profesionalez osatua, hiru finalista hautatuko ditu, 25.000 euroko sari bakar eta zatiezina emateko. Bi finalistek 3.500 euro jasoko dituzte. Irabazlea urteko azken hiruhilekoan egingo den ekitaldi publiko batean jakinaraziko da.

Film luzerako Gidoien XVII. 'Julio Alejandro' SGAE Saria, zinemagile gazteen sormena sustatzeko euskarria ezezik, Luis Buñuel maixuaren kolaboratzaile estua izan zen Julio Alejandro (1906-1995) Huescako gidoilari eta antzerkigilearen memoriari eskainitako omenaldi bat da. Izan ere, turoldar jenioarekin batera lan egin zuen bere titulurik esanguratsuenetako batzuetan, Viridiana, Nazarin, Simón del desierto edo Tristana kasu. SGAE Fundazioak ikus-entzunezko sektoreko egileen sorkuntzaren kalitatea indartzeko eta gidoiak eginez zinema-proiektuak abian jartzeko sortu zuen sari hau.

Pantaila handira eramandako gidoiak

Helburu horiei eutsiz, aurreko 16 edizioetan anitz izan dira zineman estreinatu diren gidoi irabazleak. Horien artean ditugu honakoak: Paisito (Tornasol Films), Ana Diezek zuzendua, Ricardo Fernández Blancoren testu sarituari buruzkoa; Todos tenemos un plan (Haddock Films), Ana Piterbargen V. edizioan garaile izandako gidia; Miel de naranjas (Alta Films), Remedios Crespo andaluziarraren testua, VI. edizioaren garailea eta Imanol Uribek pantailaratutakoa; Cuando los caballos aprendieron a llorar, Jano Mendoza mexikarraren testu garailea, 2011n VII. edizioan nagusi suertatukoa eta 2015ean Los ausentes izenburupean estreinatua Nicolás Peredaren zuzendaritzapean; baita El acompañante Pável Giroud kubatarraren gidoia ere, 2010ean irabazlea eta egile berak zinemarako moldatua.

Azken edizioetan honako hauek izan ditugu testu irabazleak: Pablo eta Daniel Remónen Mala Cosecha, 2013an; Carlos Lechugaren Santa y Delfin, 2014an saria irabazi zuen gidoia eta 2016an Santa y Andrés izenarekin estreinatu zena; Flora Gonzalezen El salto, 2015ean; Adan Aliaga eta Alfonso Amadorren Hielo y fuego, 2016an; Marina Szereszevskyren Empieza el baile, 2017an; eta AM.-PM izeneko gidoia 2018an, Amílcar Salattiren eskutik idatzita.

Informazio gehiago eta oinarriak