Taules eta La Garnacha antzerki taldeek 2019 Max Afizionatuarekin bat egingo dute
Hamarkadetako ibilbide eta eskarmentuarekin, Estatu mailan egiten den antzerki afizionatuaren erreferentetzat jo ditu Max Sarien Antolakuntza Batzordeak

Aurten Max Afizonatuaren Saria ex aequo izango da, hau da, bi taldek bereganatuko dute era berean. Edizio berri honen erantzuleek Pinosoko Taules Teatre (Alakante) eta Logroñoko La Garnacha Teatro aukeratu ditu sari hori berori jasotzeko, izan ere, biek, hamarkadetako ibilbide eta eskarmentua ageri dute, nonbait, Estatu mailan antzerkigintza afizionatuaren erreferente bilakatuz. Lehenengoak geldiunerik gabeko lau hamarkada ospatu berri ditu, 1979an ekin baitzion. 60 muntaia ezberdin, hainbat bira Espainian zein nazioartean, Mexikotik Indiaraino, eta, denera, ehun aitorpen baino gehiago dira lan horren guztiaren fruituak. Alakanten burutu duen lan kultural dinamizatzailea ere azpimarratu dute antolatzaileek, eta, bide batez, Valentziako Erkidego osoan ere. Antzerkigintza amateurra eginik ere, konpromezu eta kalitate handiko antzezkizunak burutzen omen dituzte, ingurunean dutenari so.

Eskarmentu luzekoa ditugu ere La Garnacha Teatro errioxarrak, 1983az geroztik lanean. Logroñon bereziki eta Estatu osoan antzerkigintza afizionatuaren aitzindari, hainbat sari jaso dituzte. Proposamen serio eta landuak aurkezten dituzte eta proiektu kultural honekin orduan ekin zion lan-takde ia berak dirau oholtza zapaltzen. Egindako azpimarragarrien artean, Errioxako Haro Garnacha Antzerki Lehiaketa Nazionala abian jarri izana. Abagune hau 22. urteurrena ospatzen ari da eta bertan antzerki-talde afizionatuak ezezik, profesionalak biltzen dira. Akaso bere ezaugarrietan, Estatu mailako antzerki bilgunerik garrantzitsuenetarikoa dugu.

Euskal ordezkaritza MAX Sarietan

Aurreko apirilaren 2an, bestalde, XXII. Max Arte Eszenikoen Sarien Antolakuntza Batzordeak lehiatuko diren 19 kategorietarako finalistak aditzera eman zituen. Urtero lez, SGAE Fundazioak antolatzen ditu honako sari hauek eta helburua Espainia mailan Antzerki eta Dantzan diharduten profesionalen talentuari bultzada ematea da, baita sasoian diren ikuskizunak sustatzea ere.

Guztira, 358 inskribatu badira ere 119 ikuskizun hautatu dira edizio berri honetan parte hartzeko. Horietatik, azkenik, 35 ikuskizun finalera iritsi eta 57 hautagaitza finalista suertatu dira.

Finalisten artean badago euskal ordezkaritzarik. Batetik Gorakada taldearen Ulisesen bidaiak Haur, gazte eta familientzako ikuskizun Onenari eutsiko dio. Bestetik, Klemark Espectáculos Teatrales bi sari irabaz lezake The opera locos ekoizpenari esker: Musika edo lirika ikuskizun Onena edo eta Jantzi diseinu Onena (Tatiana de Sarabia). Ikuskizun bi hauetik harago, Kukai eta Ertza dantza-taldeek badute ere izendapenik. Lehenak Koreografia Onenari (Sharon Fridman) eta Dantzari Onenari (Eneko Gil) eutsiko dio Erritu lanarekin. Aldiz, bigarrenak, Musikagintza Onenari (Hanna Borja), La teta de Janet lanarekin.

SGAE Fundazioa Estatu mailan Arte Eszenikoen esparruan ematen diren saririk garrantzitsuenatariko hauen antolatzailea dugu eta sari-emaria Valladolideko Calderón Antzokian izango da, datorren maiatzaren 20an. Lehian diren 19 kategoriez gain, Max Sariak ospatzen ari dira propioak zaizkion hiru sari bereziak ere mantenduz: Ohorezko Max Saria, alegia, antzerkiarekiko emandakoa edo antzerkigintzaren defentsan ageritakoa saritzen duena (Concha Velascori aurten); Max Afizionatua edo Gizarte Izaeraduna, alegia, integrazio eta protekzio sozialaren alde Arte Eszenikoen egikeran murgilduta bikainki dabiltzan talde afizionatuei zuzendutako berau; eta, Ikuslegoaren Max Saria, hots, #VotaMax izeneko online aplikazioaren bidez ikuslegoaren botua jasotzea lortzen duen ikuskizunarentzat.

2019ko sari-emarian Gaztela Leongo Unibertsitate eta Goi mailako Irakaskuntzen Fundazioa eta Valladolideko Udala dira erakunde kolaboratzaile nagusien artean.

1998az geroztik, Arte Eszenikoen Max Sariak SGAE Fundazioaren eta SGAE beraren ekimena dira, eta herrialdeko antzerkiko zein dantzako profesionalentzat onespen handiena dira, lankideak eurak direlako hautesleak. Gerra osteko artearen berrikuntzari ekin zion Jon Brossak, olerkari eta artista plastiko gogoratuak (Bartzelona 1919-1999), diseinatutako mozorrodun sagar ospetsuetako bat eramateko aukerak indarrean dira, honenbestez.

Informazio gehiago