SGAEko bazkideek Ezohiko Batzar Nagusia egin dute gaur Madrilen 30/urt./2020
Estatutuak onartzea erronka nagusia bilakatu da azken urteetako bilakaeran

Helburua erakundea Espainiako eta Europako lege-esparrura egokitzea izan da

Autore eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusiko bazkideek (SGAE) erronka garrantzitsua zuten erakundearen estatutuen erreformarekin, eta, gaur arratsaldean, Madrilen egindako Ezohiko Batzar Nagusian, lehen mailako hitzordura deituta zeuden.

Azken asteotan errepikatutako hainbat mezutan, Pilar Jurado SGAEko presidenteak "eskerrak eman die estatutupeko kideei parte hartzeagatik", eta azpimarratu du "Batzarraren gehiengoaren babesa baiezko bat suposatuko lukeela SGAEren etorkizunerako, segurtasun juridikoarekin eta barne adostasun maila handiarekin aurre egiteko”. Parte-hartze handia eta zabala emateari etengabeko deia egin du presidenteak hainbat komunikabide eta agertokitan erakutsitakoaren arabera.

Erakunde ososaren helburutariko bat da SGAE bera behin betiko egokitzea Espainiar Estatuko eta Europako lege-esparru berrira, eta, zentzu honetan, Kultura Ministerioak zein Egile eta Konpositoreen Sozietateen Nazioarteko Konfederazioak (CISAC) egindako eskakizun ezberdinetara, bide batez.

Juradok, halaber, helburu eta erronka guztiei eutsiz "Estatu mailako Zuzendaritza Batzorde guztiek hilabete hauetan zehar egin duten lan handia eskertu nahi izan du". Bertan, SGAEko lau talde profesionalak (Zuzenbide Txikia, Zuzenbide Handia, Ikus-entzunezko Obrak eta Musika Editoreak), haien presidenteordeak eta SGAEko profesionalak daude ordezkatuta.

Eztabaidatutako erreformak Jabetza Intelektualari buruzko Legean egondako aldaketak izan du ardatz. Aldaketa horiek apirilaren 13ko 2/2018 Errege Lege Dekretutik eratorritakoak dira, zeinaren bidez Espainiako ordenamendu juridikoan sartzen baitira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/26/EB Zuzentaraua, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017ko irailaren 13ko 2017/1564 (EB) Zuzentaraua.

Erakundeko presidentearen arabera, estatutu berriekin "erabakiak hartzerakoan egileei eta sortzaileei are ahots handiagoa ematea bilatu izan da, eta erakundea modernoagoa, malguagoa, gardenagoa egiteko" tresna ezinhobea gisa defendatu du. Besteak beste, estatutu horien berrikuntza nagusietako bat zen jardunean dauden bazkide guztiek gutxienez boto bat izatea batzarrean. Aurrerantzean, erakundeak "gardentasunari buruzko urteko txostena" argitaratu beharko du, administrazioko deskontuei, kultura- eta laguntza-jarduerei eta finantza-jarduerari buruzkoa, hain zuzen ere.

Estatutuek ikuskapen batzorde independente bat ere aurreikusten zuten. Banaketei dagokienez, zehatz-mehatz jasotzen zituen horien politika orokorra eta ezarritako sistemaren printzipioak.

Juradok behin eta berriz nabarmendu du, halaber, egileek "eskubide gehiago eta askatasun handiagoa" izatea bilatu dutela, baita beraien esku egotea ere SGAEtik beren obren eskubideak mantentzen edo partzialki kentzen dituzten, kategoriaren, obra motaren edo eskubideak zein herrialden jasotzen direnaren arabera. Aldaketa horiek lehiakorrago izatera behartzen zuen erakundea, etengabe egokituz bere zerbitzu eskaintza bazkide bakoitzaren behar espezifikoetara.

Botere gehiago sektoreei eta lurraldeei

Estatutu berriek SGAEko bazkide guztien integratzaile eta ordezkari izan nahi zuten, tradizioz urriagoak izan diren sektoreei erreparatuz, hala nola koreografiari, koreografia-obraren definizio berri bat eta sektore horretarako banaketa-sistema berri bat proposatuz; eta lurralde-kontseiluen parte-hartzea ere arautzen zuten, zuzenean Zuzendaritza Batzordearen mende dauden antolaketa-egituran txertatuz.

Aldaketa hauekin guztiekin SGAE eraldatzea bilatu nahi izan da, etorkizunera begiratzeko eta egile-eskubideak defendatzeko, kultura-industriak etengabe eboluzionatzen duen eta egunero formula berriak bilatu behar diren mundu digital eta global batean, alegia.