Euskal autore bat Musikagile Gazteen XXX SGAE Fundazioa-CNDM Sarien finalisten artean dugu 09/urr./2019
35 urtetik beherako lau musikagilerentzako sariak aurreikusi dira, gizonezko hiru eta emakumezko bat, guztira, 11.700 euro<

Irabazlea 2019ko azaroaren 18an Madrilgo Reina Sofia Arte Museoaren 400 Auditorioan emango den kontzertuan jakinaraziko da

Musika Difusiorako Gune Nazional eta SGAE Fundazioaren Musikagile Gazteen XXX deialdiaren finalistak aditzera eman dute, gaur, 2019ko urriak 9. 35 urtetik beherako lau musikagilerentzako sariak aurreikusi dira, gizonezko hiru eta emakumezko bat. Horien artean David Cantalejo Gómez euskal autorea dugu (Bilbo, 1985)La noche de Walpurgis obrarekin. Bilbotarrak finalista kide izango ditu Antón Alcalde Rodríguez (Rianxo, A Coruña, 199), Firefly lanarekin; María del Pilar Miralles Castillo (Almería, 1997) Overthinking 1 C obrarekin; eta Bruno Angelo (Brasil, 1985) Res nata. Reflexión ontológica sobre el ornamento izenburupeko lanarekin.  

KOAN 2 talde instrumentalak musikagile hauen guztien obrak interpretatuko ditu José Ramón Encinar maixuaren zuzendaritzapean, sarien itxiera-ekitaldian, 2019ko azaroaren 18an Madrilgo Reina Sofía Arte Museoaren 400 Auditorioan, CNDM erakundearen Series 20/21 denboraldiko programazioaren baitan. Bertan jakinaraziko da, bide batez, hauetako zein musikagile suertatzen den aurtengo edizioaren garaile.

Errezitala publiko osora zabalik egingo den saioa izango dugu, sarien epai-mahaia lekuko. Epai-mahaiak erabakiko du hitzordu horretan bertan sari ezberdinak nola banatzen diren. Berez, era honetan sailkatu dira: “Xavier Montsalvatge” Saria (6.000 €), lehena; “Carmelo Alonso Bernaola” (3.000 €), bigarrena; “Francisco Guerrero Marín” (1.500 €), hirugarrena, eta “Juan Crisóstomo Arriaga” ohorezko aipamena, azkenik (1.200 €). Parte-hartzen duten guztiek, bide batez, parte-hartze ziurtagiria jasoko dute. 2019an ere SGAE Fundazioak diska bat argitaratuko du non lehiaketaren lau obra finalistak grabatuko diren, gerora berau mugitu eta sustatzeko asmoarekin, halaber.  

Bestalde, honako sortzaileek osatu dute aipatu epai-mahaia: Carlos Fontcuberta Llavata, Junkal Guerrero Langara, Alejandro López Román, Jesús Torres Ruiz eta Ana Vázquez Silva. Beraiei egokitu zaie aurkeztutako 22 obren artean azken lau hauen hautaketa.

Aurten ere Musikagile Erresidentea

Iaz geroztik, ekimen honek aintzat hartzen dituen sari ezberdinei sari berri bat gaineratzen zaie, alegia, 2019 Musikagile Erresidentea. Estreineko aitorpen hau Espainiako Musika Gazteriarekin abian jarritako ekimena da eta elkarte horren musikagile erresidentea bilakatzea dakar, 2020-2021 denboraldian. Sare horrek hiru kamara musika-lan enkargatuko ditu eta musikagile erresidenteak bakoitzeko 1.000 € jasoko ditu. Musikagileak sarearen baitan jotzen ari diren hiru talde aukeratuko ditu eta hiru talde horiek bere obrak estreinatu eta interpretatuko dituzte urtean zehar programatuko diren 200 kontzertu baino gehiagotan.

David Cantalejori buruz

Jose Torre maixuaren gidaritzapean musika ikasketak burutu zituen Nafarroako Pablo Sarasate Goi Mailako Musika Eskolan, eta, Eulàlia Solérekin piano ikasketak osatu zituen Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolan. Musikagintzaren lehen mailako hainbat sariren irabazlea dugu, tartean, Durango Hiria, baita kamara lehiaketak ere, Iceberg piano eta flauta bikotearen partaide gisa. Garaikideak musika garaikideko taldeko kidea ere dugu. 2016an akordeoi eta orkestrarako Elegía del silencio obra estreinatu zuen Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin, NAK Festibalaren baitan, hain zuzen. Da_sh Editions argitaletxeak edo eta Silboberri elkarteak ditugu bere zenbait obren publikatzaileen artean.

Sariari buruz

Musikagintzaren profesionalen artean erabateko onarpenarekin, gazteengan musika klasiko garaikidearen sorkuntza bultzatzea bilatzen dute sari hauek, eta, bide batez, giza garapena sustatzea, musikagintza honen lengoia eta tendentzia berriak baita adierazbideak ere zabalduz.  

SGAE eta berorren Fundazioaren eskutik, bere ereduan maila garrantzitsua erdietsi dute, antolakuntza egoki eta zuhurragatik batipat, baina epaile eta partehartzaileen ospe eta aitorpenagatik ere bai. Aurreko hogeita bederatzi edizioak hori guztiaren izpilu bilakatu ezezik Estatutik kanpo ere luze hedatu dira. Sariei eusten dioten musikagileek betebehar ugari dituzte, tartea, musikagintza klasiko garaikidea egin edo sortu, 35 urte baino gutxiago izan deialdia ixten den egunerako eta, jakina, SGAE, Autore eta Argiratzaileen Elkarte Nagusiaren bazkide izan.

Aldez aurreko edizioen garaileen artean lehen mailako sortzaileak aurkitzen ditugu, Estatu mailan nahiz nazioartean ibilbide musika eta egile oparoa jorratzerik izan duten autoreak. Horien artean, Agustín Charles, Mauricio Sotelo, José María Sánchez-Verdú, Jesús Rueda, Jesús Torres, Pilar Jurado, Gabriel Erkoreka, Ramón Humet, Juan Cruz Guevara, Jesús Navarro, Oliver Rappoport edo Nuria Núñez.

Informazio osoa