Clásicas y Modernas elkartearen arabera orkestrek jotzen dituzten obren artean soilik %1 emakumezkoak eginak dira 21/mar./2019
‘¿Dónde están las mujeres en la música sinfónica?’ lelopeko azterketan Espainian emakumezkoek musika sinfonikoan pairatzen duten egoera aztertzen da

Bertan, hala orkestren konposaketan nola zuzendaritzan, generoen arteko desoreka salatzen da

Clásicas y Modernas elkarteak, SGAE Fundazioa, Mujeres en la Música eta Mujeres Creadoras de Música en España entitateekin elkarlanean, ¿Dónde están las mujeres en la música sinfónica? lelopeko azterketa aurkeztu zuten atzo Madrilen. Ikerketa honen helburua Espainian emakumezkoek musika sinfonikoaren disziplinan pairatzen duten egoeran sakontzea da. Emaitzak, genero berdintasuna erdiestearen helburu orokor eta gorenari begira, ezin urrutiagora bidaltzen gaitu.

Espainian orkestrek 2016-2017 sasoian jo izan dituzten obrak aintzat hartu den ardatz nagusia dugu. Ikerketak emandako konklusioen artean bat honakoa, alegia, orkrestrek jotzen dituzten obren artean soilik %1 emakumezkoak eginak direla. Estatu mailako jaioterria duten emakumezkoen artean, kopuru hau %2ra igotzen da, hau da, sasoi horretan interpretatuak izan diren 278 obra sinfonikoen artean soilik 6 bertoko emakumezkoek eginak ditugu.

Bide batez, orkestra zuzendarien artean emakumezkoak %5 dira Estatu mailan, hots, 8 emakumezko eta 167 giznonezko. 8 emakumezko zuzendari hauek aurreikusitako emanaldi guztien %4 gidatu dituzte, beste era batean esanda, 24 kontzertu aztertutako 668 kontzertutik. Alta, musika eskola eta ikasketa guneetan emakumezkoen kopurua %43ra ailegatzen da, hortik, beraz, ikerketak plazaratzen duen erantzun deserosopeko itauna: non dira emakumezko sortzaileak?

Autore eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusiaren presidente berria dugun Pilar Jurado soprano eta musikagilearen hitzetan “datuak ondo aztertzea ezinbestekoa da sormenarekiko atxikita doazen zenbait mito indargabetzeko: emakumezkoen papera sektore sinfonikoan ere ez da beharko lukeena eta gauza asko egiteke dago oraindik, berdintasunaren aldeko apostuan eta, denon artean, ikerketa honetan, SGAE Fundazioa tarteko, gauzatu den elkarlanak begibistan jartzen duen bezala”.

Bestalde, atzoko agerraldian Juradorekin batera Rubén Gutiérrez izan zen besteak beste, SGAE Fundazioaren zuzendari nagusi gisa. Honen agerraldia beste ikuspegi bat jorratu zuen, izan ere, orkestrek darabilten errepertorioan ez da ia emakumezko musikagile garaikiderik, hau da, errepertorio gehiena, emakumezkoen kasuan den eskasa izanda ere, errepertorio historikoa da, hots, garai batekoa.

Agerian gerazen diren datu guztiek ondorio argi eta ezinbesteko bat taularatzen dute, alegia, legalki azken urteotan egindako ahaleginak ez direla eraginkorrak izan. Musikagileen %29 emakumezkoak dira, ordea, programatzen diren kontzertuetan ia ez dago emakumezkoen errepertoriorik. Erakundeen aitorpena ere berandu iristen zaie: soilik emakumezko musikagile hiruk jaso dute Musikagintzaren Sari Nazionala, ikerketak ondorioztatzen duenaren arabera.

Estreineko emakumezko musikagilea

María Rodrigo Bellido musikagilearen papera aldarrikatzea premiazkotzat jo zuten atzo ikerketa aurkeztu zuten ordezkariek, alegia, Estatu mailan aitortutako estreineko emakumezko musikagile sinfonikoa. Aitzindari izan zen eta José Luis Temes inbestigadore eta Musikagintza Sari Nazionalaren lanak agertuko duen bezala, gerora bere atzetik etorri ziren hainbat emakumezko musikagileren bidea nonbait markatu zuen. Maria Rodrigo Bellido 1888an jaio zen, duela 131 urte, atzoko egun berarekin, martxoak 20 batean.

Clásicas y Modernas elkartea

Clásicas y Modernas 2009an eratu zen genero berdintasunaren ideia kultura sektorean zabaltzeko asmoz. 300 bat egilek osatzen dute eta Anna Caballé Masforroll da bertan burua. Ohorezko presidentzia, aldiz, Laura Freixas idazleari dagokio.

Informazio gehiago, ikerketa osotasunean eta entitate sinatzaileak