Goi mailako hiru formazio-ekimen eskainiko ditu Bilbon SGAE Fundazioak 11/mar./2019
Vanessa Garderen ikusentzunezkoan musika egiteko klase magistrala; musikagintza eta jabego intelektualari buruzko tailerra Autores de Música Asociados elkartearen eskutik; eta Ricardo Miñoren flamenko-piano ikastaro bat, hurrenez hurren, martxoaren 15ean, apirilaren 4ean eta apirlaren 23-24ean

Hasteko, SGAE Fundazioaren formakuntza politikaren baitan, Vanessa Garde sortzaile eta musikagile adituak goi mailako eskola emango du Bilbon, Plantillas en la composición para audiovisual izenburupean.

Klase magistral hau SGAE Fundazioaren eskutik jaso ahal izango dute SGAEren bazkide diren eta ez direnek, Bilboko Campos Eliseos Antzokiaren Kupula Aretoan (Bertendona kalea 3 Bis, 6. solairua), 15 euroko matrikularekin. Alta, autore eta argitaratzaileen elkartearen bazkideek matrikulazio hobatuaz gozatzerik izango dute, kasu honetan, soilik 5 euroren truke. Ikasle beteranoek 10 eurotan izango dute matrikula berau.

Sekuenziatzaile batean eredu edo txantiloi bat eratzeak, sarritan, ikusentzunezkoaren musikagintza erabat errezten du, eta lan horretan sakonduko du hain zuzen ere sortzaile nafarrak, disziplina honetarako musikagintza bere osotasunean jorratuz, soinu konkretuen gainetik.

Zentzu honetan musikagile, orkestatzaile, moldatzaile, musika eta musika-teknologia irakasle, ikasle eta profesional oro deituta daude edo izen-ematea egin dezakete. Hauen guztien interesa izan beharko litzateke, hala egingo balute bederen, teknologia musikalaren teknikatan sakontzea, ordenagailuaren bitartez eta, konkretuki, txantiloi edo plantilla musikalen erabileran trebetasuna lortzea.

Vanessa Garde eskarmetuzko musikagilea dugu. Zinean, telebistan eta bestelako bitarteko audiobisualetan lan egin du erabateko enkarguak betetzen. Moldatzailea, teknologia musikalean aditua, Berklee College of Music delako gune prestigiotsuan irakaslea izan da, Espaina eta Amerikako Estatu Batuetan mugitu izan dela irakasle eta sortzaile gisa. Bere kurrikulumean Ridley Scott, Terry Gilliam, Alejandro Amenábar, Alberto Iglesias, Roque Baños edo Lucio Godoy bezelako zinemagileak dira. SGAE Fundazioak izena emateko on line esteka hau ahalbidetu du.

Apirilean, aukera gehiago
Apirileko eskaintza formatiboa bikoitza izango da. Batetik, hilaren 4ean, osteguna, arratsaldeko 16etatik 21etara, Bilboko gune kulturalaren Kupula Aretoak Autores de Música Asociados (AMA)elkarteak antolatutako musikagintza eta jabego intelektualari buruzko tailer bat hartuko du. Ekimenak Euskal Herriko Musikarien Elkartearen (MUSIKARI), Mr Jamen eta Fundazio beraren laguntza du. Abagune honetan musikagintzaren aspektu teknologikoetan sakondu nahi da, musikagintzarekin lotuta beste hainbat alor nonbait ikutuz ere: jabego intelektuala, aholkularitza fiskal eta laborala, autore eskubideen kudeaketa- erakundeekin hartuemana, komunikazioarako trebakuntza edo ingurune digitala eta sareak. AMAk hiru hizlari-formadore jarriko ditu: Ramiro Martinez-Quintanilla, Juan José Solana eta Ivan García-Pelayo kide eta adituak. MUSIKARIk, bere aldetik, bertoko beste ponente bat edo bi jartzeko moduan izango da baina hau konfirmatzeke dago oraindik.

Tailer presentziala burutu eta gero, apirilaren 15ean AMAk bi hilabeteko praktika on line bat abian jarriko du, presentzialki jorratutako edukietan sakondu nahi dutenentzat, edo eta, Bilboko aukera presentzialean egoterik izan ez dutenentzat.

Parte-hartze era biak doakoak dira. Ekimenaren publiko objektiboa honakoa dugu: maila guztietako musikagileak, hasi-berriak eta esperientzia zein teknika berriak ikasi nahi duten eskarmentukoak. AMAk interesatu guztien esku informazio e-mail hau eskuragarri du: info@amautores.com .Programaren nondik norakoak eta xehetasunak hemen ikus daitezke.

Flamenko-pianoa, Ricardo Miñorekin
Bestalde, apirilaren 23 eta 24an, sesio formatiboa Teatro Areto nagusiaren eszenatoki handira pasako da. Bi jardunaldiz ari gara, 9:30etik 14:30era, Ricardo Miño flamenko piano-jole maixuaren eskutik. Sevillarrak punta-puntako musikariekin egin du lan, tartean, Enrique Morente, Manuel Molina, Pepe de Lucía, Lole Montoya, Luisa Ortega edo Estrella Morente; eta nazioartean ere oihartzuna izan du, Ravi Shankar edo Jackson Browne bezalako egileekin agertuz. Flamenkoa pianoaren bitartez aztertu eta interpretatzeko era bakarra eta ezezaguna du eta nonahi ematen dituen klaseak arrakastasuak izan ohi dira.

Kasu hoetan 60 euroko matrikula dago baina SGAE taldearen bazkideek %50 baino ez dute ordaintzerik, hots, 30 euro. Ikasle beteranoentzat izen-emateak 50 euro kostako du.

Deialdiaren hartzaileak honakoak izan daitezke: piano-joleak, musikagileak eta flamenkora pianoaren bidezorretatik hurbildu nahi diren jazz, musika klasiko edo garaikideko jole eta musikagile guztiak, alegia, flamenkoaren kolore berriak aztertzeko gai sentitzen diren interprete edo eta musikagileak. Besteak beste, partituran idatzitako ariketa erritmiko eta melodikoak burutuko dira. Kasu honetan ere badago izen-ematea on line egiterik.