Markeliñe taldeak 'Hareazko ipuinak' txotxongilo-lana aurkeztuko du Campos Eliseos Antzokian
SGAE Fundazioaren zikloak 7. emanaldia du Bertendona kaleko Kupula Aretoan eta 2017ko martxoaren 26a arte garatuko da

Hitzordua Erregeetako asteburu honetan dugu, hots, igandean hilak 8, euskaraz eta gazteleraz (12:30ean gazteleraz eta 17:30ean euskaraz). Egun eta ordu horietan, Markeliñe , Zornotzako antzerki eta txotxongilo taldea beteranoak, Cuentos de arena - Harezko ipuinak leloa daraman obra taularatuko du, zazpi urte eta gehiagoko neskamutikoei zuzenduta. Lan honek aita baten istorioa kontatzen du, emozioa eta sentiberatasuna oinarri. Aita horrek alaba gaixoa entretenitu eta dibertitu beharko du, neskatila ez dadin aspertu, ez dadin goibeldu, neskatila bat izaten jarrai dezan. Hareazko ipuinak asmatu beharko ditu minbiziak jotako alaba gaixoaren errealitatea arintzeko. Istoriez eta irudimenez betetako bidaia dugu beraz, baina, batik bat, baikortasunez blai aurkezten zaigun hausnarketa, aurrerapenak nabariak diren arren, oraindik sendabiderik aurkitu ez duen gaixotasun baten inguruan.

Markeliñe 1985ean sortu zen Zornotzan. Alderdi bisualaren zainketak, aktorearen keinu-gaitasunak, objektuen eta lengoaien ikerketak osatzen dute antzerki eta txotxongilogintza jorratzen duen taldearen lan-eredua. Horrekin batera, sorkuntza originalaren eta garaikidetasunaren aldeko apustu garbia egiten du, egungo mundu eta garaiari buruzko istorioekin, betiere ikuspegi kritikoz gure uneari eta memoriari so eginez. Euskal Herritik kanpo oihartzunik handienetarikoa duen taldea dugu, izan ere, hainbat FETEN eta MAX sari jaso izan ditu bere ibilbide luze eta oparoan. Era berean, Ikuskizun onenaren Saria jasotzerik izan du ere, esaterako, Leioako Umore Azokan.

2016ko urriko azken igandean hasi zen, SGAE Fundazioaren eskutik eta Campos Eliseos Antzokiaren laguntzarekin, Txotxongiloak Igandero emanaldiaren zazpigarren edizioa. Berriz Bilboko gune kulturalaren Kupula Aretoan eta funtzio bikoitzekin, 12:30 eta 17:30ean; sarrerak 9 eurotan salgai eta talde zein funtziokako deskontuekin, azken hauek, %15 eta %25ekoak izan daitezkeela. Guztira 19 talde eta 38 sesio izango ditugu, horietatik 6 euskaraz.

Zikloa 2017ko martxoaren 26an amaituko da eta Erkidego Autonomo ia guztien txotxongilari taldeek hartuko dute parte. Igaz 5.000 ikusle baino gehiago gureganatu ziren, heldu eta 2-10 urte arteko neska-mutikoen artean. Ekimenaren zuzendaritza, aurten ere,  Antoine Bastero txotxongilari profesional, programatzaile eta kazetariari egokitu zaio.

SGAE Fundazioaren Haur Antzerki Sariak haur eta gazteenganako antzerkigintzaren nire ibilbideari babesa eman dio

Itziar PascualXVI. Haur Antzerki SGAE Saria 2015